XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hondurasko zenbait eskualdetan gosea hortzak zorrotz erakusten hasi da
Tegucigalpa.

Hondurasen, hegoaldean, jendea goseak bizi da, eman du aditzera bertako gotzai katoliko batek.

Bazter horietatik gosea aienatzeko esan du Raul Corriveau gotzaiak bietakoren bat egin behar da: milaka pertsona bizitzera beste norabait eraman, edota bertan arazo ekologikoei erantzun berehalakoa eman.

Ez dago beste erremediorik; izan ere, jende asko oso larri bizi da, goseak hiltzeko zorian.

Arroa hidrografikoak edo, hobeto esan, ibai arroak hondatu ondoren sekulako lehortea zabaldu da ibar askotara, jendea ezin biziz utziz.

Nekazaritzatik bizi zen jendea, lur kaxkarretan gogor eta gogoz lan eginez, baina ibaien iturri oparoak agortu direnean, ez ur ez lur ez uzta geratu dira nekazariak, esan du.

FAO erakundeak 1986. urtean burutu zuen estudioa ekarri du gogora gotzaiak: Arazo ekologiko larriak dira zonalde horretan, eta nekazal erreforma egitea, bestalde, nahitaezkoa da.

Hala zioen garai hartan FAO erakundeak.

Geroztik ez dira gauzak batere zuzendu; aitzitik, okertu egin dira, ez baita nekazal erreformarik burutu eta ibaiak gero eta lehorrago ageri baitira.

Zenbait eskualde jendez hustu egin beharko da, ondoko zortzi hilabeteotan janari berririk eskuratzeko ahalik ez baitute izango nekazari behartsuok, esan du gotzaiak.

Urriaren 4az geroztik ez du euririk egin eta, ondorioz, azkeneko uztak erabat galdu ziren.

Hondurasen, orotara, lau milioi bizilagun bizi dira, hauetatik berrehunda berrogeita hamar mila hegoaldean, hau da, %12 bertan.

Hemengo arazo bakarra ura da, honek dakartzan ondorio txar guztiekin.

Dagoeneko berrogei mila pertsona, bazterrak hustu eta lekuz aldatu dira, beste norabait bizitzera joanez, hiri haundietara bereziki.

Neurri egokirik hartzen ez bada, beste milaka askok aldegin beharko du argia ikusi eta betidanik bizi izan diren txokotik.

Jose Azcona da Hondurasko Gobernuko lehendakaria.

Ureztapen edo arregaketa projektua martxan jarri nahi du.

Noizko? Horixe da inork ez dakien gauza.

Dena den, martxan jartzea hirurehun milioi dolar kostatuko omen da.

Laguntza ekonomikoa nonbaitetik jaso behar eta, japoniarrek luzatuko dio dirua Gobernuari.

Oso projektu ona da, baina ona bezain garestia.

Ez dut uste gobernuak martxan jarriko duenik, behar beste dirurik ez du-eta.

Agian hobe litzateke hamar erregaketa projektu txiki martxan jartzea.

Lehenago bukatuko litzateke eta probetxu haundiagoa aterako liokete nekazariek.

Gobernuak, gainera, projektu txikiok aurrera ateratzeko behar adina diru izango luke.

Baina arregaketa projektua noiz burutuko den zai egon gabe, lurpean eta bestetan ura bilatzen saiatu behar da.

Ura behar da hegoaldeko ekonomia hobetuko bada, adierazi du erlijiosoak.

Leticia Siercke, Choluteca departamenduko gobernadoreak esan duenez, emerjentzi plan batzu martxan dira.

Honen arabera jendea lanean jarriko da ura putzutatik ateratzen, irrigazio sarea zabaltzen, etxebizitzak jasotzen, ordainez jaten emango zaielarik.

Raul Corriveau, Cholutecako gotzaiak esan duenez, plan globalari heldu behar zaio, honela baizik ez baita konponduko, behin betiko, nekazarion egoera hitsa.

Askotan jarri da nolabaiteko projektu txikirik; hauek ere zerbait konpondu dute, baina ez da aski.

Zona guztia kontuan izanez, zona guztiari dagokion plan global zabala burutu behar da, beti partxe txikirekin ibili gabe.

Urtearen hasieran Corriveau gotzaiak komenioa sinatu zuen Gobernuarekin, zeinaren arabera Cáritas erakunde katolikoak milioi bat eta bostehun mila dolar luzatu zituen janariak, erremintak eta haziak erosteko.

Egia esan, hegoaldean gertatzen denaren kontzientzia badute politikoek.

Hori halaxe da.

Elizak ez du politikan sartu nahi, ez baita hau bere eginkizuna, baina Honduras den bezain pobrea izanik, pobreziatik sortzen diren arazo sozialez arduratu gabe ezin dagoke Eliza Katolikoa, esan du gotzai berak.